«Pobreak eta aberatsak zergatik dauden ulertzen saiatu izan naiz beti»
«Pobreak eta aberatsak zergatik dauden ulertzen saiatu izan naiz beti».
Entrevista de Miren Etxezarreta en Gara, 1 de marzo de 2025.
«Pobreak eta aberatsak zergatik dauden ulertzen saiatu izan naiz beti»
Ordiziatik London School of Economics-era, eta handik Bartzelonara, ibilbide oparoa egin du ekonomialari marxistak. Rosa Luxemburgen leloa gaurkotuz, “Sozialismoa edo kaosa” aldarrikatzen du.aldarrikatzen du.

«Ingalaterra erreferentea zen, eta nik ordurako ingeles pixka bat ikasia nuenez, hara joatea erabaki genuen, horko sindikalismoaz edo politika sozialez ikasteko»
Bilboko Unibertsitatean ez zioten kontratua berritu: «Klasea emateko prakak janztea edo ikasleekin kafea hartzera joatea irakasle batzuei ez zitzaien gustatzen»
«Marxismoak azaltzen dizu nork dominatzen duen, nork hartzen dituen erabakiak, nork duen boterea, nork irabazten duen dirua, nor den esplotatua…»
«Burutik kendu behar da ‘Trump eroa’ delako ideia. Ez da eroa, kapitalismoaren estrategia oso programatua eta planifikatua da, munduaren jabe egiteko bidean»
Irudikatzen duzue Euskal Herriko 88 urteko emakume bat ekonomialari? Eta marxista? Eta Katedradun? Ekonomia oikos-nomos (etxearen kudeaketa) izanik, makina bat izan dira etxea tentuz kudeatu duten “ekonomialariak”. Bizitzen produkzio eta zaintzan “katedradunak” direnak ere ez dira gutxi.
Hala ere, naturaz “ezjakinak” omen zirenez, adin mutxu horretako emakumeen artean ez dira asko unibertsitatera joateko aukera izan dutenak, ezta bertan irakasle izan direnak ere. Miren Etxezarreta Zubizarreta (Ordizia, 1936) da horietako bat. Eta, egiari zor, ez da bat gehiago: London School of Economics-en egin zituen masterra eta doktoretza, alajaina, eta gerora, hamaika artikulu eta liburu argitaratzeaz gain, Katedradun ere bilakatu da, betiere kezka eta borroka sozialen eskutik.
Ibilbide oparo horri aitortza egin nahian, Ordiziako Udalak Etxezarretaren lanak sailkatu, artxibatu eta digitalizatu ditu berriki (mirenetxezarreta.eus plataforman daude irakurgai). Aitzakia polita iruditu zaigu berarekin elkartu eta bere ibilbide eta pentsamenduari errepaso bat emateko.
Ordiziatik Ekonomia ikastera
Miren Etxezarreta 1936an jaio zen, Ordizian, frankistek Estatu-kolpea jo baino hilabete gutxi batzuk lehenago: «Zure ostean gerra etorri zen», esaten omen zioten eskolako monjek. Gerraostean ez zen giro Ordizia aldean, baina berak, «garai hartako haur guztiek bezala, haurtzaro zoriontsua» gogoratzen du: «Ni biloba eta iloba nagusia nintzen, orduan mimo asko izan nituen». Gainera, berea «garai hartako klase ertaineko etxea zen. Nire gurasoek denda nahiko dezentea zuten, eta ondo bizi ginen».
Horrek bere ikasketetan ere bete-betean baldintzatu zuen: «orduan Batxilergoa egiten zuten, baina nire etxean ez zuten nahi, kontabilitatean eta gauza horietan guztietan nik laguntzea nahi zutelako». Hala, “peritaje merkantila” egiten hasi zen, mojen eskolan bertan. Gero Donostiako Komertzioaren Eskolan irakaskuntza merkantila egin zuen.
Hor jabetu zen Ekonomia Zientziak ikasi zitzakeela, ikasgai ugari balioztatzen zizkiotelako: «Nik ikasten jarraitu nahi nuen. Eta une hartan Batxilergoa egin gabe ikasten jarraitzeko modu bakarra Ekonomia Zientzietara pasatzea zen, hori zen automatikoki pasa nezakeen karrera bakarra. Eta, gainera, gizarte- eta ekonomia-gaiak gustatzen zitzaizkidan. Baina arrazoi nagusia zen ni, Batxilerrik gabe, irakaskuntza merkantiletik Ekonomia Zientzietara pasa nintekeela. Karrera aukeraketa inposatuta zetorkidan, nolabait esateko».
Gogotsu ekin zion, ordea. Hasieran hautu pragmatiko bat izan bazen ere, bere ezinegonak garatzeko aukera izan zuen karreran: «Agian orain edertu egingo dut, baina nik beti izan dut pobre eta aberatsekiko dezenteko kezka soziala: zergatik zeuden pobreak eta zergatik zeuden aberatsak. Eta horrek ekarri zuen Ekonomia ikasketetan ongi aritzea».
Garai hartan ez ziren asko hautu hori egiten zutenak, are gutxiago emakumeen kasuan: «Ez dut zehazki gogoratzen, baina Bilbon 8 neska eta 120 mutil ginen, edo halako zerbait. Mutil-laguna bilatzeko leku ona zen», dio barrez.
London School of Economics
Orduan eta gehiago ikasi, gero eta ezjakinagoak omen gara. Etxezarreta ere horretaz jabetzen zen, nonbait, eta bide berrien bila Ingalaterrara jo zuen: «Ingalaterra erreferentea zen, eta nik ordurako ingeles pixka bat ikasia nuenez, hara joatea erabaki genuen bikoteak eta biok, horko sindikalismoaz edo politika sozialez ikasteko».
Hori «lanean ari ginen bitartean, noski, beste baliabiderik ez genuelako». Xume-xume hasiagatik, hainbat beka lortu eta London School of Economics Unibertsitate entzutetsuan sartu zen: «Sortu zenetik aitzindaria da, beti garrantzitsua izan da. Batzuetan desesperatu egiten ginen, lan asko egin behar genuelako. Baina esaten genuen: ‘Tira, mundu osoko azkarrenekin lehiatzen ari gara’. Oso interesgarria, baliotsua eta aberasgarria izan zen». Hamarnaka kurtso eskaintzen ziren eta berarentzat «mozkorraldi» moduko bat izan omen zen.

Garai mugitua zen, horratio, eta ekonomian eta gizartean sekulako paradigma aldaketa gauzatzen ari zen. Oraindik neoliberalismoa ez zen hegemonikoa, «artean Keynesen eragina oso indartsua baitzen. Hala ere, ekonomialari ‘modernoagoak’ neoliberalismora pasatzen ari ziren. London Schoolen neoliberal dezente zegoen jada». Adibidez, Makroekonomia ematera Chicagotik joaten omen zen irakasle bat, 15 egunean behin (Chicago Boys-en laguna, noski).
Etxezarreta ordurako kritiko izaten hasi ote zen? «Bai eta ez. Izan ere, nik hainbeste lan nuen kurtsoak jarraitu ahal izateko… denbora horretan, ni neoliberalismoaren kritiko samarra nintzen agian, baina bizirautearekin nahikoa nuen».
Gainera, ekonomia agrarioko masterra egin ostean doktoretza egiteko hautatu zuten, eta buru-belarri hasi zen horretan: «Leonen egon nintzen hiruzpalau hilabetez, horko nekazariei inkestak egiten. Bizikletaz joaten nintzen herri batetik bestera, ez bainuen dirurik beste modu batera joateko, eta ez zegoen gaur beste garraio publiko». Ikerketa lerro horri lotuta, besteak beste, “El caserio vasco” liburua argitaratu zuen 1977an.
Fakultatetik kale gorrira
Aurrez, baina, izan zuen nahikoa gorabehera. Behin doktoretza amaituta eta pare bat urtez Sussexeko Unibertsitatean irakasle aritu ostean, 1970ean Euskal Herrira itzuli zen eta Bilboko Unibertsitatean hasi zen lanean, ilusioz gainezka. Hala ere, bi urte soilik iraun zuen bertan: «Frankismoaren errepresioaren garai gogorra zen. Ni nintzen Fakultatean euskaraz hitz egiten zuen bakarretakoa, Etxezarreta abizena nuen, nahiko abertzalea izatearen ospea zuen apaiza nuen neba… horren guztiaren eta irakasleren batek nik bere tokia kentzeko zuen beldurraren ondorioz, bi urtera, kontratua ez zidaten berritu».
Argudio adierazgarriak erabili zituzten horretarako: «Adibidez, klasea ematera joateko prakak janzten nituen batzuetan eta jende bati edo irakasle batzuei ez zitzaien gustatzen. Edo ikasleekin kafea hartzera joaten nintzen, eta hori ere ez zuten gogoko… Ni ez nintzen enteratu ere egiten. Ni tabernara joaten nintzen eta ikaslerik bazegoen beraiekin hitz egiten nuen, baina orduan ez zen hori egiten». Gerora baloratzen duenez, «inuzenteegia» izan zen.
Kontuak kontu, «kalean geratu nintzen, orduan ez bainuen ez langabezia-saririk, ez beste ezer». Alde batera eta bestera ibili zen enplegu bila, lantxo solteren bat ere egin zuen… alabaina, «nik ez nuen enplegurik aurkitzen, jende inportante batek esaten baitzuen ‘ez, andre horrek administrazioarekin arazoak baditu, ez diogu enplegurik emango’. Leku interesgarriren batean enplegua ematekotan zeudenean, hori gertatu zen». Bere senarra ere langabezian geratu zen, arrazoi politikoak zirela medio.
Orduan, «beste norabait joatea erabaki behar izan genuen. Madrilen eta Bartzelonan hasi ginen enplegu bila, bi ekonomialarik lana izatea errazena zen tokia zelako. Lagun batzuei esker, Bartzelonan aurkitu genuen azkenean». Gustuko zuten, «eta gainera, zu langabezian zaudenean, ez duzu pentsatzen gustuko duzun ala ez, enplegua dagoen tokira joaten zara». Adeitasun handiz jaso omen zituzten.
Behin Bartzelonan, «nik nahi nuen gauza bakarra Unibertsitatera itzultzea zen, nire curriculuma akademikoa zela ikusten nuelako». Curriculuma, akademikoa ez ezik, oso-oso ona zen, eta 1974an Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan hasi zen lanean.
2006ra arte irakasle bezala eta gero Katedradun emeritu gisa, ibilbide akademiko eta sozial oparoa garatu du bertan: Ekonomia Kritikoko Seminari Taifa bultzatu, hamarnaka artikulu argitaratu, hitzaldiak eman…
Ekonomia marxista
Bidea urratu ahala, pixkanaka ekonomia kritiko edo marxistara hurreratu zen: «Ekonomia orduan eta gehiago ikasi, irakasten ziguten ekonomia gero eta gutxiago gustatzen zitzaidan. Orduan, pixkanaka, ekonomia marxistaren bila hasi nintzen».
Bide horretan, mugarri bat aipatzen du: «Bada liburu bat, niretzat funtsezkoa izan zena. Paul Sweezyren ‘Garapen kapitalistaren teoria’ izan zen. Niretzat, mundua ulertzeko ateak ireki izan balitzaizkit bezala izan zen. Benetan, ezin duzu irudikatu ere egiten zer den, ekonomia tradizionala aztertzen ia 20 urte neramatzanean, bat-batean bizitzen ari ginen mundua ulertzen lagundu zidan azalpen bat aurkitu izana».

Ordiziarrak argitzen duenez, bere kide marxista askoren kontrako bidea egin zuen: «Ni ez nintzen marxista izan politikagatik. Ez nintzen lehenengo Alderdi Komunistara joan eta gero marxista egin. Ez, ez, ni ez naiz inoiz inongo alderditan egon, komunistan ere ez. Ez dut baztertzen eh, baina ez naiz egon. Orduan, ni marxismora iritsi nintzen munduan gertatzen zenaren azalpen baten bila. Eta azalpenik onena eman didana, orain arte, marxismoa izan da». Bere ustez, ez du dena azaltzen, baina bera da gehien azaltzen duena.
Hala nola «marxismoak azaltzen dizu nork dominatzen duen, nork hartzen dituen erabakiak, nork duen boterea, nork irabazten duen dirua, nor den esplotatua…». Aitzitik, ezin da bertan goxo geratu, «marxismo ortodoxo batean. Marxismoan dagoena irakurri, ikasi eta egokitzen joatea da kontua, azalpenekin eboluzionatuz joatea».
Kapitalismo antisoziala
Eta zer ikasi du azalpen horietatik? Marxismotik edanda, antikapitalista sutsua da Etxezarreta. Izan ere, bere iritziz, kapitalismoa beti antisoziala izan da: «Kapitalismoa feudalismotik sortu zen, eta hori guztia beti produkzio-bideen eta kapitalaren jabeentzako etekinen bila egiten da. Hori oso argi dago». Engelsen “Langile-klasearen egoera Ingalaterran” (1845) aipatzen du sorrerako baldintzak nolakoak ziren azaltzeko. «Eta nolakoak izaten jarraitzen duten!», nabarmentzen du, «ze kaiukoan datozen horiek ez datoz beste modu batera, eh. Kapitalismoa ez da aldatu gizakiak gizakia esplotatzeari dagokionean».
Tartean Ongizate-estatua eraiki zen Mendebaldean. Ordiziarra, baina, oso kritiko agertzen da: «Ongizate-estatua sozialdemokraziaren bilaketa eta asmakizun bat da, kapitalismoa demokraziarekin bateragarri egin nahi zuena. Eta ez da posible. Baina urte askoan balio izan zuen, eta oraindik balio du, kapitalismoaren hondamendi handienak arintzeko».
Hala ere, hori ere suntsitzen ari dira azken hamarkadatan: «Ongizate-estatuaren suntsipena 70eko hamarkadan hasi zen, Thatcherrekin eta ondoren Reaganekin. Keynes erortzen doa eta neoliberalismoa hazten. Orduan, ekonomia konbentzional edo burgesaren paradigma aldatu egiten da, neoliberalismoarekin hasi eta Trumpenganaino, oraingoz».
«Pobreak, aberatsak daudelako»
Etxezarretak ikertu izan duenez, kapitalismoak hainbat esparrutan eragiten du. Lehenik eta behin, nekazaritzan: «Gertatzen dena zera da: kapitalismoak, bere horretan, jabetzaren, kapitalaren eta ekoizpenaren kontzentraziora jotzen duela. Enpresak geroz eta handiagoak bihurtzen dira. Eta hemen zegoen nekazaritza familiarra txikia zen. Orduan, zer gertatu da? Pixkanaka-pixkanaka, nekazaritza agroindustrialaren metatzeko ahalmena areagotu egin da, teknologia modernoagoak eta konplexuagoak erabiliz. Bien bitartean, nekazaritza familiarra gero eta baztertuago geratzen ari da, ez duelako gaitasunik ez merkatuetarako, ez finantzaketarako…». Gutxi batzuen kapital-meta orduan eta handiagoa, gehiengoarena gero eta urriagoa.
Etxezarretak luze eta zabal ikertu izan duenez, metaketa gose horrek pentsioetan ere bete-betean eragiten du. Bereziki azken urteetan piztu da auzi hori, «funtsezko arrazoi batengatik: kapitalak ikusten du pentsioetan sekulako dirutza mugitzen dela, eta diru hori etekin gehiago lortzeko erabili dezaketela. Orduan, pentsio publikoak (publikoak, eh!) xahuketa hutsa direla iruditzen zaie, eta desagerrarazi egin nahi dituzte. Hala, pentsioetarako dirurik ez dela egongo eta halakoak esaten hasten dira».
Bere ustez, hori «gezur galanta da. NATOrentzat, bankuei laguntzeko edota hainbeste enpresari laguntzeko dirua egongo bada, nola ez da ba pentsioetarako dirua egongo?». Salatzen duenez, «beti pentsio publikoen arazoaz hitz egiten da, baina inoiz ez pentsio pribatuez. Eta arazoa demografikoa balitz, belaunaldiena, arazoa pentsio pribatuena ere izan beharko litzateke. Baina pentsio pribatuei dagokienez, ez da inoiz zailtasun horiei buruz hitz egin». Itxura denez, arazoa, pentsioetan baino, publikotasunean baitago.
Eta zer esan esan kapitalaren meta-pean estalitako zaintza lanez? «Atzo arte, eta gaur egun ere bai, zaintzak familiak egiten ditu, batez ere emakumeek. Gogoan izan baserri askotan, esate baterako, matrimonioa zegoela, eta gero beti izaten zela izeba bat, beti baztertua izaten zena familian. Ezkongabea zen, eta han geratzen zen nora joanik ez zuelako».
Beste hainbat esparru ere ikertu izan ditu Etxezarretak. Denetan logika bera atzematen du: «Pobreak daude aberatsak daudelako».
Kapitalismo geroz eta basatiagoa
Eta norantz doa sistema kapitalista? Etxezarreta zuhur eta kezkatuta agertzen da: «Etapa honek ikasteko eta hausnartzeko gaitasuna oso murriztuta dudala harrapatu nau. Dena den, nik ikusten dudan gauza bakarra da jendeak ez badugu erreakzionatzen, ez badugu borrokatzen, okerrera joango dela, kapitalismoa gero eta gogorragoa dela. Eta izaten ari da: kaiukoetan datorren jende hori guztia, herrialde aberatsetan bizi den jende pobre guztia… jende hori guztia esplotatua izaten ari da, hala egon behar ez lukeenean».

Adibidez, «adimen artifizialaren historia hau guztia, jasaten ari garen mila-milioidun horiek guztiak… kapitalismo basatia da. Langileentzat gero eta okerragoa da, gero eta gehiago esplotatzen ari direlako, nola erreakzionatu ez dakiten moduetan. Izan ere, XIX. eta XX. mendeetako langileek bazekiten nola erreakzionatu, baina orain oso zaila da. Batzuek izan ezik, nork ulertzen du adimen artifizialarena?».
Alde horretatik, «niri iruditzen zait jendearen burutik kendu behar dela ‘Trump eroa’ delako ideia. Ez da eroa, estrategia oso programatua eta planifikatua da, nahiz eta gero erotuta dagoela iruditu. Orduan, nik uste dut kapitalismoaren estrategia bat dela, munduaren jabe egiteko bidean aurrera egiteko».
«Sozialismoa edo kaosa»
Horren aurrean, zer egin? Etxezarretaren ustez, «klase herrikoien borrokarako gaitasunaren zati handi bat suntsitu da, eta galtzen joan gara orain arte. Gauza txikiak irabazi dira, egia da. Batzuek esaten duten bezala, duela mende bateko biztanleak baino hobeto bizi gara, nahiz eta pobrezia gehiegi egon… klima-krisiagatik ez balitz, ekoizten ari garena baino askoz gehiago ekoitzi ahal izango genuke, eta, batez ere, banatu, ez baikara banatzen ari»
Bere iritziz, SESBek erakusten du «akats asko egin direla. Garai hartan inozoak ginenontzat, SESBek sozialismoaren gauzatzea esan nahi zuen, eta begira zertan amaitu zen. Hor benetako desastreak egon dira». Bide batez, «esperientzia horiek guztiek erakusten dutena da kapitalismoa ikaragarri indartsua dela, eta orain arte asmatutako esperientzia guztiei buelta emateko gaitasuna izan duela».
Edozein kasutan, «badira oraindik nukleoak, gauza ezberdinak probatzen ari direnak: Indian badago Estaturen bat, Kurdistango Rojavan…». Hortaz, Etxezarretarentzat ez dago etsitzerik: «‘Sozialismoa edo kaosa’ da ataka. ‘Edo borroka edo kaosa’. Gizarte alternatibo baten alde borrokatu behar dugu. Ze gizarte? Denon artean erabakitzen duguna. Baina borrokatu beharra dago».
Horretarako, zalantzarik gabe, bere ibilbidea eta testuak funtsezko inspirazio iturriak dira.